Azpi-azpiko aztarnen bila
Egilea:IRATI URBERUAGA
Hitza, 2007-11-14
Bizkaiko burdinola zaharrenarenak izan daitezkeela eta, beharrean dabiltza arkeologoak Bengola inguruan, aztarna bila. Luzaroan egiten dabiltzan beharra da. Iazko udan, behintzat, bazebiltzan, eta oraindik horretan jarraitzen dute. Atzo Aldundiko arkeologoa den Iñaki Garcia Camino izan zen bertan, lanari jarraipena egiten. Learriko Nestor Lejarreta eta Lea ibilbideko alor historikoagaz arduratzen den Guillermo Ruiz de Erentxun ere bertan ziren.
Bengolak urte askotako historia gordetzen du. Idatzi batzuetan ageri denez, XIV. mendean, gutxienez, burdinola zen. Eta ondorioz, datatuta daudenen artean, Bizkaiko zaharrena da. Historialariek badakite, ostera, XVI. menderako burdinola izateari utzi, eta errota zela. Gerora, berriz, baserria ere izana zen. Orain, energia berriztagarrien interpretazio zentroa egin behar dute bertan. Obrak hasi aurretik, baina, Gerrikaitz auzoak daukan balio arkeologikoa kontuan hartuta, hor dabiltza egunero aztarnen bila.
Eta ekinak fruituak ematen ditu. Jatorrizko aztarnak, hasiera-hasierakoak aurkitzekotan, behe-behean aurkituko dituztela badakite arkeologoek. Eta hor, behe-behean, topatu dute zerbait. «Orain dela 700 urtekoak izan daitezkeen aztarnak egon daitezke, baina oraindik ez dakigu, horretan gabiltza», esan dute. Usainean dabiltza.
Pazientzia handiko lana da arkeologoena. Urte asko atzera bidaiatzeko aukera ematen duen beharra. Eta, horregatik, bere denbora eskatzen du, eta bere denbora eskaini behar zaio. «Lehenengo aztertu egiten dugu, gero dokumentatu, eta ahal badugu, baita berreskuratu ere», azaldu dute lanean dabiltzan arkeologoek. Halako batean, historia idatzita daukaten azken paperak aterako dituzte argitara.